XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ALEEN ARTEKO HAUSTURA HAUSKORRA

Aurreko bi ataletan aleen barneko haustura kontutan hartu da.

Kasu gehienetan hori horrela izaten da. Hala ere, zenbait baldintzatan haustura aleen artekoa izaten da eta horren adibide bat 8. irudian ageri da (haustura-mota hau harikorra ere izan daiteke).

Giro-tenperaturan, haustura-mota hori azaltzen da honako mekanismoetako bat dela medio:

- Fase hauskor baten prezipitazioa ale-mugetan
- Hidrogenoak sortutako hausketa-prozesua
- Giroak eragindako pitzadura-hedapena
- Korrosioak eragindako haustura

Prezipitazioari dagokionez, tratamendu termiko batzuen ondorioz, fase hauskorrak ale-mugetan prezipitatzen dira.

Horren ondorioz, ale-mugak bide hauskor bihurtzen dira eta tentsio baten eraginez, zona horietan hasten da haustura.

Gauza bera gertatzen da materialean ezpurutasun batzuk segregatuta baldin badaude.

Hauetako adibide bat altzairuen austenitaren ale-mugetan gertatzen den fosforoaren segregazioa da.

Hidrogenoari dagokionez, ezaguna da honen eragin kaltegarria altzairuen zailtasunean.

Altzairuaren lorpenean hidrogenoa soluzio solidoan gelditzen baldin bada, elementu honek aleen arteko kohesio-indarrak bigundu egiten ditu, eta ondorioz, materialaren hauskortasuna nabarmenki igotzen da.

Hau gertatzen denean, ia ezinezkoa da altzairuaren erabilpena.

Amaitzeko, giroak eta korrosioak eragindako pitzadura-hedapena artekoa izaten da.

Lehenengo kasuan, haustura-prozesuaren eragileen artean garrantzitsuena hidrogenoa da. Bigarren kasuan, korrosioak eragindako erasoa ale-mugetan gertatzen da bereziki.

ONDORIOAK

Fraktografiaren bitartez osagai industrial baten hausturan parte hartu dituzten mekanismoak ezagut daitezke.

Kasu askotan, fraktografia bera ez da nahikoa izaten hausturaren arrazoiak guztiz finkatzeko.

Hala ere, osagaiaren lan-baldintzak eta mikroegiturazko ezaugarriak ezagutuz gero, fraktografiari esker, material batek, aplikazio zehatz baterako bete behar dituen baldintzak finka daitezke.